Narrazio liburu bat da Zazpi orduak (Elkar), bai, baina ezohikoa, egileak berak aitor-tzen duen legez: "Hainbat ipuin eta kopla biltzen dira istorio nagusi baten inguruan. Zatiz zati egindako eraikuntza bat da, zenbait giza sentipen, bizipen edo emozio azaltzeko. Halandaze, testuek, azalekoaz gain, badute bigarren irakurketa bat, batzuetan mezu baten zerbitzuan atondutako alegoriak direlako".
Zazpi zenbakiari buruz ere badu azalpenik lekeitiar idazleak: "Tradizioz zazpi zenbakia ezagutzaren, zientziaren eta magiaren zenbakia da. Zenbaki horrek perfekzioa adierazten du, eta sentsibilitatearekin, errukiarekin, fedearekin, intuizioarekin, magnetismoarekin eta ikertzeko gaitasunarekin ere erlazionatu izan da. Bizitzaren zenbakia ere deitu izan zaio. Hortik liburuaren izenburua. Zazpi orduak denbora magiko bat dira, bizitzaren metafora".
Liburu berri honetan barne-askatasunaren bila dabiltzan pertsonaiak agertuko zaizkigu behin eta berriz. "Pasadizo ba-tzuetan zakar, mingarri edo bortitz azaltzen badira, aldaketaren seinale da hori, erditze psikiko bat edo ni berri bat sortuko den abisua", dio Meabek lan berrian agertzen diren pertsonaiak deskribatzerakoan. Emakumeak dira gehienak, "emakume jakintsu, alai, argi, onbera, garaile eta aktiboak, iraganeko emakume ahul, irrigarri, azpiratu, koldar, esaneko edo pasiboen irudia gainditzen dutenak, libre izan nahi dutenak edo inori libre izaten laguntzen dietenak", azpimarratzen du bizkaitarrak.
Iñaki Mendizabal. Deia