AZALAREN KODEAREN KRITIKA

Azalaren kodea / Miren Agur Meabe / Susa, 2000
Tituluak dioena Igor Estankona / Deia, 2000-12-22 
Gutxitan asmatzen dugu tituluen ostean zer dagoen, gutxitan itxaroten dugu gero benetan aurkitzen duguna, baina Miren Agurren liburuaren titulua zehatza da, definizio kutsukoa.
Azalaren kodea -edo kodeetariko bat- ezagutzen duen norbaiten poema liburua da hau. Azala uzkurtu, gorritu egiten zaigu bildurra, maitasuna edo egonezina sentitzen ditugunean. Liburu hau gorputzarekin idatzia dagoela dirudi, untzia -gorputza- eta pilotua -arima- bereiztezinak balira bezala.
Autoreak beharbada bestelako iritzi bat izango du, eta liburua irakurri duen bakoitzak berea, baina ausentziak sakonki markatzen duen poesia iruditu zait niri. Ausentzia presente bihurtzeko ahalegina da. Azalduko dut: ausentzia fisikoa eta bera baino bildurgarriagoa den ausentzia afektiboa bihurtzen da askotan poemen protagonista. Beraz autonomia dauka, badago, uki daiteke eta bere kabuz dabil, baina azken batean ausentzia da, eta ausentzia ez al zen bada, “ez egotea”? Itxurazko kontraesan horrekin jolasean egindako poemak dira nire ustez bikainenak. Sentimentuak torturaraino eramaten ditu batzuetan, eta bere aldaki bat baino ez den xamurtasuneraino. Azalak, ordea, bihotzari kasurik egin barik, bere bidea jarraitzen du, oinazea ezagutzen du, bizi da. Normalean malenkoniatik gorputza irten ohi da lehenengo. Burua lehenaldian dagoen bitartean gorputza zerbaiten bila ari da jadanik, eta ez galdutakoagatik negarrez. Miren Agurrek bilaketa horretan ari den azalari hitza eman dio, erotismotik keinu inozenteetaraino doan guztia erregistratu du. Izutu egin nau emakume batentzat liburu hau irakurtzeak zeinen zirraragarria izan behar duen pentsatzeak, ni ere barrutik astindu banau. Ia-ia bitalista da momentu batzuetan eta omenaldia egiten zaio tristezia zorion bihurtuz doan bitarteko estadio guztiz literario horri.
Goizegi da galderak erantzuteko baina galderak eurak honezkero forma hartzen hasi dira. Zer gertatuko da orain? Ikasgairen bat gordetzen al du bizitzak eman digun opari pozoindu honek? Hori irakurleak erantzun behar du, orroalde bakoitzaren espazio hutsean. Poemak ariketatzat hartzen badituzu asko gozatuko duzu.
Liburuko pasarte batean zera irakur daiteke: “Eta koadernoa aho-zabalik geratuko zait, / eta ez dut jakingo zer egin, negar ala barre”. Barre, dudarik gabe barre.

7 ZENBAKIA

Tradizioz, 7 zenbakia ezagutzaren, zientziaren eta magiaren zenbakia da. Perfekzioa adierazten du, eta sentsibilitatearekin, errukiarekin, fedearekin, intuizioarekin, magnetismoarekin eta ikertzeko gaitasunarekin ere erlazionatu izan da.

Bizitaren zenbakia ere deitu izan zaio. Zazpi orduak denbora berezi bat dira, bizitzaren metafora. Bakoitzaren bizitza bere zazpi orduak dira. Horregaitik ez zaizu arrotz egingo bizitzaren ideia bidearen eta uraren ideiei loturik agertzea.

Eta ordu horiek igarotzeko behar den tretxua edo ekipajea hitza da, bere aldagai guztiekin, hitza delako norberaren izatea berresten duen tresna, pertsonen arteko harreman-bide behienetako bat -hizkuntza egituratuari esker-, eta ahotsari goren aila ematen dion altxorra.